1996tik, Ararteko erakundeak arreta zuzeneko bulegoak dauzka Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Horri esker, administrazioren batekin arazoak dituzten herritarrei hobeto lagun diezaiekegu. Bulegoetan hartutako eskarmentuak erakusten du, gainera, bertan jasotzen aurrez aurreko kexez gain, telefono bidezko kontsulta ugari ere egiten direla, eta erakundeko langileek erantzuten dituztela.
Horregatik, egiten dizkiguten kexak ez ezik, telefonozko kontsultak ere zenbatzen ditugu, ziur baikaude horien bitartez informatzeko lan interesgarria egiten dela pertsonei administrazioekin dituzten harremanetan zein eskubide dituzten adierazten. Horrela, 2016. urtean guztira 8.240 zerbitzu egin ditugu herritarren arretarako bulegoetan. Horietatik 5.642 hiru bulegoetako batean aurrez aurre egindako kexak eta kontsultak izan dira, eta 2.598tan telefono bidezko aholkularitza eta informazioa eman da.
Bulegoetako jarduerari buruz, 2016ko datuak aurreko urteetakoekin alderatuta aztertzen baditugu, joera arras aldatu dela ikusten da, izan ere, aurrez aurre kasu egin zaien pertsonen kopuruari begira, Gasteizko bulegoaren nagusitasuna Bilboko bulegora aldatu da, han pertsona asko hartu baitituzte, aurreko urteetan baino dezente gehiago.
Arreta zuzeneko bulegoetan egindako aurrez aurreko kexetatik zenbat bihurtu diren kexa-espediente
Herritarrei kasu egiteko gure bulegoetan aurrez aurre egin diren kexa eta kontsultetatik 1.367 bihurtu dira kexa-espediente, hau da, %24,22. Horrek argi erakusten du bulego horietan aholkularitza-lan garrantzitsua egiten dela.
Gainerakoei dagokienez, batzuetan erakunde honen jarduera-eremutik kanpoko gaiei loturikoak ziren; horrenbestez, ezin ziren kexa moduan bideratu; beste batzuetan, agiri gehiago behar ziren edo aurretiazko gestioak egin behar ziren administrazio-organo eskudunetan; eta azkenik, beste zenbait kasutan, azaldutako arazoek kexa-espediente bihurtzeko funtsik ez zuten, bisitak aurreko kexa-espediente baten biderapenarekin zuen zerikusia edo kexagileak bere arazo zehatzean zein izapide egin behar zituen jakin nahi zuen.